Emanaldiak Jon Martinek idatzi eta izenburu bera duen liburua du abiapuntu. Iriondoren bizitzan barrena bidaiatzeko eta hari gorazarre egiteko proposamen poetiko-literario-musikal sakon bat da.
Haren kantuetatik abiatuta, bere ahotsa, mundu sinbolikoa eta garai historikoaren testuingurua bisitatzen ditu. Omenaldia da ikuskizuna, patchwork poetiko bat, musika, hitza eta oroimena ehuntzen dituena.
Garaia bizi zutenentzat, denboran atzera egindako bidaia. Belaunaldi berrientzat, euskal ikono feminista bat deskubritzeko parada.
Emanaldiak Lurdes Iriondoren ibilbidearen zentzu existentzial eta kolektiboa azpimarratzen ditu: euskara eta justizia soziala defendatu zituen, eta isiltasunaren gainetik abesten jarraitu zuen. Azken kantuak, “Hala ere”, indar eta erresilientziaren sinbolo gisa itxiera hunkigarria eskaintzen du: “hala ere, gelditu egingo naiz; hau gure lurra da”.
Partaideak: Ainhoa Ansa, Irati Odriozola, Jon Martin eta Gari Amundarain
Odriozolak eta Ansak Iriondoren abestiak kantatzen dituzte gitarraren laguntzaz; eta azken biek, berriz, Iriondoren bizitzaren eta ekarpenaren baitako irakurketa dramatizatuak egiten dituzte.
Emanaldia bloke tematikotan egituratua dago, Iriondoren figuraren ezohiko berreraikuntza bat egiteko: Haurtzaroa, Musika, Maitasuna, Gaixotasuna, Sehaska, Euskara, Haurrak eta Emakumea. Bloke bakoitzak poema edo testu dramatizatu bat eta abesti bat uztartzen ditu.
Iraupena: 70-75′ . Doan




