2022 ·

Azaroak 25

Gertatzen da, eta badira horren erantzuleak

Azaroaren 25ero bezala, elkarretaratzeen, manifestazioen eta adierazpenen bidez berriz ere
gogora ekarriko ditugu emakumeen aurkako indarkeria betikotzen duten arrazoiak eta
mekanismoak.

Hala ere, zenbait diskurtsotan berriro zalantzan jartzen da indarkeria hori, honako hau esanez:
“indarkeriak ez du generorik”. Horren aurrean, azaroaren 25ean, berriz ere azpimarratu nahi
dugu indarkeriak baduela generorik eta, gainera, gizartean egiturazkoa den eta errotuta
dagoen indarkeria dela. Horrek azaltzen du zergatik ematen den testuinguru kultural guztietan
eta maila guztietan. Izan ere, jatorria ulertuta soilik eragin dezakegu hura ezabatzen
lagunduko duten egitura-aldaketa sakonak sustatzen. Indarkeria horren egiturazko erroak eta
izaera kulturala ukatzeak ez digu aurrera egiten uzten eta ezkutatzen du femeninoa denari
balioa kentzen dion eta emakumeak mendekotasun-egoeran jartzen dituen gizarte antolaketa
bat dagoela. Gizonek eragin eta emakumeek jasaten duten indarkeria da. Horregatik, aurten
gizonak premiatzen ditugu gogoeta egin dezaten emakumeen giza-eskubideen kontra doan
sistema honetan duten boterearen eta parte hartzearen inguruan.

Azken urteotan gizon askok egin dute bat berdintasun aldarrikapenekin, eta maskulinitate
hegemoniko tradizionalak ezarritako genero-aginduak berrikusi dituzte, gizarte berdinzaleago
baten alde egiteko xedez. Hala ere, aurrera egin behar dugu, are gehiago, eta gizon gehiago
inplikatu behar dira modu aktiboan, normalizatutako portaerak (norberarenak zein besteenak)
eta kultura matxista betikotzen duten sinesmenak identifikatuz eta aldatuz, justifikaziorik gabe
eta beste alde batera begiratu gabe.

Emakumeen aurkako indarkeria EGON BADA eta badira erantzuleak, indarkeriaren oinarria
diren desberdinkeriak iraunarazi eta birsortzea eragiten duen engranajea elikatzen dutenak.
EGON BADA eta badira erantzuleak, emakumeak gutxiagotzen dituen eta aldatzeko prest ez
dagoen gizarte androzentriko eta patriarkal batean bizi garelako.
EGON BADA eta badira erantzuleak, indarkeria eragiten, onartzen eta legitimatzen duten
gizonak daudelako, beste alde batera begiratuz eta beraiek bezalakoen indarkeriazko jarrera
matxistak justifikatuz.
EGON BADA eta badira erantzuleak, genero-ikuspegia txertatzea bermatuko duen
prestakuntza falta delako, mundua ikusteko modua eraldatzeko, betaurreko moreak jantzita,
gizarte-antolaketaren esparru guztietan: judizialean, heziketan, osasunean eta ekonomikoan,
besteak beste.
EGON BADA eta badira erantzuleak, komunikabideek erantzukizuna emakumeengan
kokatzen duten mezuak zabaltzen dituztelako, arrisku sexualaren gaineko diskurtsoarekin
gertatzen den bezala, zeinak emakumeak erasoen errudun eta beren segurtasunaren
arduradun egiten baititu.

Horregatik, modu kolektiboan, toki-entitateek honako hau ADIERAZTEN DUGU:

GURE GAITZESPENA, emakumeek edozein esparru eta testuingurutan pairatzen dituzten
askotariko diskriminazioek eragindako indarkeria matxista mota orori.
GURE KONPROMISOA, Administrazio Publiko garen aldetik, modu aktiboan lanean
jarraitzeko desparekotasunen aurka, emakume zein neskatoen aurkako indarkeria-egoeren
sorburu baitira, eta horrekin batera gonbit egitea hala gobernuei eta erakunde publikoei nola
nazioarteko entitateei eta gizarte zibilari, gogoeta egin eta konpromisoak har ditzaten.
GURE ELKARTASUNA, eraso edo hil dituzten emakume eta neskatoei, indarkeria matxistari
aurre egin behar dioten emakumeei eta haien seme-alabei.
GIZON GUZTIAK PREMIATZEN DITUGU, adin orotakoak, konpromisoak eta jarrera aktiboak
har ditzaten, emakumeen kontrako indarkeria mota guztien aurrean.
HERRITAR GUZTIAK GONBIDATU NAHI DITUGU jarrai dezaten emakumeen kontrako
indarkeria gaitzesten eta hura deuseztatzeko konpromisoa adierazten, baita patriarkatuaren
kontrol mota guztiak eta emakumeei askatasuna eta autonomia erabiltzea eragozten dieten
muga eta baldintza guztiak salatzen ere, eta, hartara, azaroaren 25ean antolatzen diren
jarduera guztietan parte har dezaten.

kanpaina honekin lotutako ekimenak

Ez da emaitzarik aurkitu.