Bortzirietako Mankomunitateak bat egiten du E28an NABIren kanpaina eta Nafarroako Gobernuaren adierazpen instituzionalarekin “Aniztasun-harrotasuna/Aniztasunean Harro. Ospatu ezberdintasuna, aldarrikatu berdintasuna ” lelopean.
Adierazpen instituzionala Ekainaren 28aren harira, sexu eta genero aniztasunaren nazioarteko eguna dela-eta:
Ekainaren 28 oroz eta aurten ere, Nafarroako Gobernuak bat egiten du Sexu eta Genero Aniztasunaren Nazioarteko Egunaren ospakizun globalarekin. Egun hori ez da soilik ospakizun eguna. Oroimen eta aitortza ariketa bat ere bada, eta aukera bat ere bai, gure konpromiso politiko eta soziala irmotasunez berritzeko, gure komunitatea espazio pluralago, seguruago eta berdinzaleago bihurtzen lagunduko duten politika publikoak bultzatuz.
Sexu eta genero aniztasuna ez da soilik LGTBI+ pertsonen kontua eta funtsezkoa da hori barneratzea. Ez da borroka sektoriala, ezta gutxiengoen eskaria ere. Hain zuzen ere, zerikusia du pertsona guztiek sexualitatea, generoa eta munduan izateko manera ahalik eta modu libreenean bizitzeko duten eskubidearekin.
Norbaitek diskriminazioa jasaten duenean bere sexu orientazioagatik, sexu edo genero identitateagatik, genero adierazpenagatik edo sexu ezaugarriengatik, ahuldu egiten da gure gizartearen kalitate demokratikoa. Aitzitik, LGTBI+ eskubideetan aitzina egiten dugunean, pertsona ororendako justizian aitzinatzen gara. Berdintasuna, errespetua eta justizia soziala balio ukaezinak dira, aukera ematen digutenak jende artean elkarrekin bizitzeko eta hazteko.
Efemeride horrek New Yorkeko 1969ko ekainaren 28ko istiluetan du jatorria. Errebolta hartako protagonista izan ziren, hein handi batean, emakume transak, arrazializatuak eta historikoki baztertutakoak, eta gertaera horrek LGTBI+ askapenerako mugimendu modernoaren sorrera markatu zuen, beldurra eta klandestinitatea bihurtu baitzituen harrotasun, antolaketa eta aktibismo politiko.
Historian barna, LGTBI+ pertsonek jasan dituzte disidentzia erreprimitu eta zigortzen duen gizarte baten ondorioak; lehenik eta behin, disidentzia delitutzat hartu baita eta, ondoren, eritasuntzat. Despenalizazioa, despatologizazioa eta erdietsitako aitzinamendu guztiak LGTBI+ kolektiboen lan nekaezinaren eta gizarte-aktibismoaren emaitza dira.
Beren lana, administrazio publikoen konpromisoarekin batera, lagungarria izan da Nafarroa, gaur egun, erreferente eta aitzindari izan dadin giza eskubideen defentsan eta sexu eta genero aniztasunaren aitorpenean.
Zalantzarik gabe, aitzina egin dugu aniztasunarekiko errespetuan. Baina erdietsitako eskubideak ez dira gibelatzeekiko immuneak. Erdiespenak zalantzan paratzen dituzten diskurtso erreakzionarioen gorakada kezkagarria ikusten dugu, bereziki transexualen eskubideei dagokienez, LGTBI+fobia eta gorroto delituak oraino ere errealitate diren testuinguru batean.
Hala, aitzinamenduak eskatzen du erantzukizuna partekatzea. Erakundeok ezinbesteko betebeharra dugu erdietsitako eskubideak babesteko, zeharkako politika publikoak aski baliabidez ezartzeko eta gure administrazioak ororendako espazio seguruak direla bermatzeko.
Gisa berean, herritarren eguneroko konpromisoa ezinbestekoa da gizarte bidezkoagoa eta inklusiboagoa indartzeko, oinarrituko dena elkartasunean, pentsamendu kritikoan eta zeinahi intolerantzia-adierazpenen aitzineko erantzun irmoan. Hala, nahitaezkoa da karrikak eta espazio publikoak aldarrikapen, parte-hartze kolektibo eta bizikidetza demokratikoko eremuak izaten jarraitzea, ororendako irisgarriak, seguruak eta bizigarriak.
Aurten, Nafarroako Gobernuak kanpaina instituzionala abiarazi du ondoko leloarekin: “Aniztasunean Harro. Ospa ezazu ezberdintasuna, aldarrika ezazu berdintasuna”. Xedea da aniztasunaren balioa defendatzea, eta oroitaraztea uniformetasuna ez dela existitzen eta ez dela desiragarria.
Kanpainak mezu argi bat plazaratzen du: harrotasun anitza indarrez aldarrikatzea, ezarritako mugetatik edo kategorietatik harago, eta eskubide berberak eskatzea pertsona guztiendako, bai eta bizitza duina izateko aukera ere, alde batera utzita nor desiratzen dugun, nola bizi eta adierazten dugun gure sexualitatea edo zer generorekin identifikatzen garen.
Baina aniztasuna ospatzea ez da nahikoa,benetako berdintasun-baldintzak bermatzen ez badira. Aniztasuna aldarrikatzeak esan nahi du lan egin behar dela desberdintasunak inoiz ez daitezen bihurtu desberdinkeria, bazterketa edo eskubide-galera.
Horregatik guztiagatik, Nafarroako Gobernuak berretsi egiten du ororendako eskubideak bultzatzeko eta bermatzeko konpromiso politikoa, ikuspegi feminista, inklusibo, intersekzional eta anitzetik eraikitako berdintasun-politika publikoen bidez, gizarte berdinzaleago bat eraikitzen laguntzeko.
Egin dezagun eskubide osoen, benetako berdintasunaren eta harrotasun partekatuaren alde. Horregatik dei egiten diogu herritar orori kolektiboek ekainaren 28an Nafarroan barna antolatu dituzten mobilizazioetan parte hartzera eta karrikak eta espazio publikoak aldarrikapenez, bizikidetzaz eta aniztasunez betetzera.

