NAFARROAKO GOBERNUAREN ADIERAZPEN INSTITUZIONALA, EKAINAREN 28A DELA ETA, LGTBI+ HARROTASUNAREN NAZIOARTEKO EGUNA
LGTBI+ Harrotasunaren Nazioarteko Eguna ekainaren 28an ospatzen da, eta horregatik Nafarroako Gobernuak bere konpromisoa berresten du pertsona guztien eskubideak defendatzeko eta bermatzeko, eta Nafarroa pluralagoa eta berdinzaleagoa helburu duten politikak bultzatzeko.
Historian zehar, LGTBI+ pertsonek asko sufritu dute, gizarteak erreprimitu eta zigortu ohi baititu aniztasuna, disidentzia eta arau sozial jakin batzuen haustura. Homosexualitatea eta transexualitatea delitu eta gaixotasuntzat hartu dira duela urte gutxira arte. Azken hamarkadetan errealitate horiek despenalizatu eta despatologizatu dira, aurrerapenak izan dira gizartean eta arauetan, eta eskubideak aitortu dira. Hori guztia kolektiboen lanaren fruituak dira, pertsona guztiek nortasuna eta sexualitatea askatasunez bizitzeko duten eskubidearen alde borrokatu baitituzte.
Nafarroa, gaur egun, erkidego aitzindaria da LGTBI+ pertsonen eskubideen defentsan eta bermean, LGTBI+ mugimenduaren eta kolektiboen lan nekaezinari esker; izan ere, haien lana erakundeekin koordinatuz, lortu dute gure erkidegoa erreferentea izatea.
Zalantzarik gabe, gure gizarteak aurrera egin du eskubideak aitortzeari eta aniztasuna errespetatzeari dagokionez, baina ezinbestekoa da berdintasuna eta aniztasuna aldarrikatzen jarraitzea, funtsezko balioak baitira gizarte bidezkoagoa eta pluralagoa eraikitzeko. Hala ere, lortutakoa gorabehera, azken urteotan diskurtso eta jarrera erreakzionarioek gora egin dute larriki, eta hainbat sektore sozial eta politikok zalantzan jartzen dituzte LGTBI+ pertsonentzat eta, bereziki, trans pertsonentzat lortutako aurrerapenak eta eskubideak. Izan ere, LGTBI+fobia ez da desagertu, ezta genero-orientazio, -identitate eta -adierazpenean oinarritutako gorroto-delituak ere.
Olatu erreakzionarioaren aurrean, eskubideak ukatu nahi dituztenen aurrean, Nafarroako Gobernuak bere konpromisoa berretsi egiten du sexu- eta genero-identitate eta -aukera guztien berdintasunarekin, aniztasunarekin eta ikusgarritasunarekin, bai eta LGTBI+ pertsona guztien eskubideak defendatzearekin ere; izan ere, irmoki uste dugu pertsona guztien eskubideak aitortzeak eta bermatzeak laguntzen duela Nafarroako gizartea inklusiboagoa eta berdinzaleagoa izaten, aniztasuna harroki aldarrikatu eta defendatuko baitu.
Horregatik guztiagatik, Nafarroako Gobernuak aurten ere “Aniztasunean Harro” leloa daraman kanpaina egin du. Kanpaina horren bidez, pertsona guztiek beren gorputzari eta nortasunari buruz erabakitzeko eta izateko duten eskubidea aldarrikatu nahi da. Horrela, “Naizena naiz” da aurtengo kanpainako irudiekin batera doazen mezuak. Helburua da harrotasun askotarikoa indarrez eskatzea, inposatutako mugetatik eta kategorietatik haratago, eta pertsona guztiek aske bizitzeko eta izateko duten eskubidea defendatzea.
Nafarroako Gobernuak herritar guztiak animatzen ditu kolektiboek ekainaren 28an lurralde osoan antolatutako mobilizazioetan parte hartzera.