LGTBIQ+fobiaren aurkako Nazioarteko Eguna dela eta, Bortzireitako udal guziek bat aho batez onetsi dute adierazpen instituzionala:
Maiatzaren 17an, LGTBI+fobiaren aurkako Nazioarteko Egunean, LGTBI+ pertsonentzat garrantzi handia duen mugarri historiko bat gogorarazten da. 1990an, homosexualitatea gaixotasuntzat hartzeari utzi zion Osasunaren Mundu Erakundeak. Hori aurrerapauso nabarmena izan zen LGTBI+ pertsonen duintasuna eta eskubideak onartzeko bidean. Transexualitatea, berriz, 2022ra arte ez da despatologizatu. Izan ere, nahasmendu mentalen atalean jasota zegoen OMEren Gaixotasunen Nazioarteko Sailkapenean (ICD-11), 2022an eskuliburu hori eguneratu zen arte.
Hala, gaurko egunean, Nafarroako Gobernuak erabat arbuiatu nahi du LGTBI+fobia dakarren edozein adierazpen, eta berresten du LGTBI+ pertsonen eskubideak defendatzeko, sustatzeko eta bermatzeko duen konpromisoa.
Azken hamarkadetan, aurrerapen handiak egin dira LGTBI+ eskubideen arloan: LGTBI+ pertsonen eskubideak aitortzen eta bermatzen dituzten zenbait lege onetsi dira, bai Nafarroan, bai estatuan, eta horrekin batera gizartean zenbait aldaketa izan dira. Hori guztia, erakundeek eta kolektiboek batera egindako lanari eta konpromisoari esker. Azken horiei aitortu eta eskertu behar zaie lan nekaezina egin dutela.
Hala ere, hainbat lorpen izan badira ere, egungo testuingurura erronka handia da. Azken aldian, gorroto-delitu gehiago erregistratzen ari dira, eta bigarren kausa izatera iritsi dira, Barne Ministerioak gorroto-delituen bilakaerari buruz egindako azken txostenaren arabera. Halaber, gero eta zabalduago eta normalizatuago daude diskurtso antifeministak eta LGTBI+fobikoak, erdietsitako aurrerapen eta eskubideak zalantzan jartzen dituztenak.
Nafarroako Gobernuarentzat, LGTBI+ eskubideak giza eskubideak dira, eta halakotzat babestu eta defendatu behar dira. Horregatik, Nafarroako Gobernuak, adierazpen honen bidez, diskriminazio- eta indarkeria-adierazpen oro gaitzesten du, eta berresten du konpromisoa duela LGTBI+ arloko politika publikoak egiteko, LGTBI+ eskubideak bermatu eta sustatzeko eta Nafarroa erkidego askotarikoagoa eta berdinzaleagoa bilakatzeko.