Eskualdeko gizon taldeak bigarren ikasturteari ekinen dio, ERAIKIZ Kolektiboaren dinamizazioarekin, maskulinitateak, harremanak eta berdintasunaren aldeko konpromisoa lantzeko. Hilero elkartzen dira beren bizipenak partekatzeko, maskulinitateak eta harremanak aztertzeko eta emakumeen kontrako indarkeriarik gabeko jendartea eraikitzen laguntzeko.
Baztan, Bortziriak, Bertizarana eta Malerrekako Berdintasun Zerbitzuek, ERAIKIZ Kolektiboarekin batera, «Eta eskualdeko gizonak zer?» taldearen bigarren edizioa jarriko dute martxan 2026-2027 ikasturtean. Taldea gizonek berdintasunaren alde modu aktiboan hausnartzeko, beren bizipenak partekatzeko eta harreman berdinzaleagoak eraikitzeko espazioa da.
2025-2026 ikasturtearen amaieran, taldearekin egindako ebaluazioan, parte-hartzaileek esperientziarekin jarraitzeko eta bigarren edizio batean parte hartzeko prestutasuna agertu zuten. Horren ondorioz, taldeari jarraipena emanen zaio 2026-2027 ikasturtean, eta irailaren 18an egindako aurkezpen eta antolaketa bileran ikasturte berriko saioen nondik norakoak zehaztu ziren. Lehen edizioan 11 gizonek parte hartu zuten, eta aurten ere elkargune, hausnarketa eta ikaskuntza kolektiborako espazioari eutsiko zaio.
Saioak hilean behin eginen dira, aurreko ikasturtean bezala, 16:30etik 19:30era, Doneztebeko Galbaraialde eraikinean, eta ERAIKIZ Kolektiboak dinamizatuko ditu.
2026-2027 ikasturteko saioak
Bigarren ikasturteko zortzi saioak honako egun hauetan eginen dira:
- Urriak 9
- Azaroak 6
- Abenduak 11
- Urtarrilak 8
- Otsailak 12
- Martxoak 12
- Apirilak 9
- Maiatzak 14
Taldea Xareta, Baztan, Bertizarana, Malerreka eta Bortzirietako gizonentzat dago zabalik. Ez da beharrezkoa aurreko edizioan parte hartu izana; beraz, aurten lehen aldiz gerturatzen diren gizonek ere parte hartu ahal izanen dute. Parte hartzeko, modu aktiboan, errespetuz eta konpromisoz aritzeko interesa izatea da baldintza nagusia.
Aurreko ikasturtean bezala, parte-hartzaile bakoitzak 50 euro ordainduko ditu zortzi saioengatik.
Izena emateko edo informazio gehiago jasotzeko, eskualdeko Berdintasun Zerbitzuekin harremanetan jarri beharko da:
- Bortzirietako Berdintasun Zerbitzua: 722 693 078
- Malerreka-Bertizaranako Berdintasun Zerbitzua: 621 120 620
- Baztango Berdintasun Zerbitzua: 613 003 634
Aldaketa pertsonaletik aldaketa sozialera.
Zure lekua ere bada. Animatu!

