Bortzirietan, indarkeria matxistaren kontra urteko 365 egunetan tinko

Bestak gainean ditugu eta gure herriko karrikak pozez betetzeko tenorea hurbiltzen ari da. Gozatzeko eta elkartzeko egunak dira, baino ez dezagun ahantzi: indarkeria matxistak ez du bestarik hartzen eta gure jendartean erro sakonak dituen egiturazko arazoa izaten jarraitzen du.

Maiz, puntu moreak plazan ikusten genituenean soilik jartzen genuen arreta arazo honetan; baina aurten ez da udal puntu morerik izanen bestetan. Gure eskualdean urrats bat haratago joatea erabaki dugu: indarkeriaren kontrako borrokak eta lanak urteko 365 egunetan tinko mantendu behar gaituelako, arreta eta prebentzio profesionala urte guzira egokituz. Horregatik aurten gure indarrak zerbitzu profesionalen koordinazioan jarri ditugu.

Momentu honetan, indarkeria egoeretan arreta ematen duten zerbitzu guziak hobeki koordinatzeko protokolo berri bat lantzen ari gara eskualdeko diagnostikoak identifikatutako emaitzetatik. Gure asmoa da indarkeria pairatzen duten emakumeei eta haien seme-alabei erantzun integralagoa, hurbilagoa eta azkarragoa ematea, inor bidean bakarrik gera ez dadin. Indarkeriak ez dira gertaera isolatuak.

Honekin batera, eskualdeko erantzun publikoa ere lantzen ari gara Bortzirietako herrien artean. Argi dugu eskualdean gertatzen den indarkeria matxistaren aitzinean, bestetatik haratago, urte osoan zehar erantzun behar dugula. Horregatik Eskualde Akordio zabal baten bidez, erantzun instituzional eta sozial bateratua adostu nahi dugu, indarkeria matxistaren aitzinean zero tolerantzia dugula ozen errateko.

Behin koordinazio-protokoloa borobilduta, argi izan behar dugu hau ez dela helburua edo amaiera, abiapuntu bat baizik. Hurrengo urratsa izanen da eskualdeko eragile eta jendarte osoak indarkeriaren prebentziorako bideak lantzea eta, horretarako, prebentzio- zein formakuntza-saioak egiten jarraituko dugu. Ardura kolektiboa gorpuztuko dugu, bakoitzak bere errealitatetik indarkeriari aurre hartzeko. Sentsibilizazio eta formakuntza saio horietan sakontzea premiazkoa izanen da, asmo soiletatik haratago, konpromiso erreal, neurgarri eta ebaluagarriak biltzeko.

Argi izan dezagun: guzion ardura da eraso gabeko gune askeak sortzea, urteko egun guzietan.

Gozatu ditzagun bestak berdintasunean!

 

 

 

beste albiste batzuk:

Ez da emaitzarik aurkitu.