Indarkeriarik gabeko bizitzak sustatzeko babesgune terapeutikoa Bortziriak, Malerreka-Bertizarana eta Baztanen berriz martxan

Baztango, Bortzirietako eta Malerreka-Bertizaranako Berdintasun Zerbitzuek berriz ere martxan jarriko dute Indarkeriarik gabeko bizitzarako espazioa, indarkeria matxista bizi duten edo bizi izan duten emakumeei zuzendutako talde egonkorra. Urriaren erdialdetik aitzinera, hilean hiru saio eginen dira.

Indarkeria matxistei aurre egiten dieten edo egin dieten emakumeentzako babesgune terapeutikoa da. Auto-laguntza talde honek norberaren indarrarekin berriz konektatzeko, isolamenduari aurre egiteko, gertatzen zaiguna hobeki ulertzeko, pozarekin berriz konektatzeko, auto-zaintza eta desioekiko lotura berreskuratzeko aukera eskaintzen du. Bertze emakume batzuekin bizipenak eta horien ondorioak partekatzeko gunea ere bada; elkarrekin, indarkeria matxista arazo indibiduala ez, baizik eta egiturazko errealitatea dela ulertzeko eta tratu onaren inguruan hausnartu eta hura eraikitzeko espazioa.

Saioak Haizea Loira Matxiñena musikoterapeutak dinamizatuko ditu, musikoterapia baliatuz emozioen adierazpena, ongizatea eta emakumeen arteko loturak indartzeko.

Taldea irekia eta malgua da: emakume bakoitza behar duenean batu daiteke, eta ahal duen neurrian parte hartu, aitzinetik izena eman beharrik gabe. Hala ere, ahal den neurrian prozesu osoan parte hartzea gomendatzen da, talde-lanak eta laguntza-prozesuak eskaintzen dituen onurak hobeki aprobetxatzeko.

Parte-hartzea errazteko, behar duten emakumeentzat garraio-zerbitzua eta haurren zaintza-zerbitzua eskainiko dira.

Informazio gehiago edo zalantzak argitzeko, jar zaitezke harremanetan Haizea Loirarekin (655 74 76 95) edo zure eskualdeko Berdintasun Zerbitzuarekin: Baztan (613 003 634), Bortziriak (722 693 078) edo Malerreka-Bertizarana (621 120 620).

beste albiste batzuk:

Ez da emaitzarik aurkitu.