BORTZIRIETAKO MANKOMUNITATEAK BAT EGITEN DU NAFARROAKO TOKI ETA LURRALDE ENTITATEEN ADIERAZPEN INSTITUZIONALAREKIN, AZAROAREN 25ean, EMAKUMEENGANAKO INDARKERIAREN AURKAKO NAZIOARTEKO EGUNA, “EZ AHAZTUAK, EZTA IKUSEZINAK ERE” LELOPEAN.
Aurten ere, azaroaren 25ean, Nafarroako toki eta lurralde erakundeok ahotsa altxatu dugu emakumeen aurka gauzatzen diren indarkeria matxista mota guztiak gaitzesteko. Indarkeriarik gabeko gizarte bat aldarrikatzen dugu, non emakume guztiek, adina edozein dela ere, askatasunez, autonomiaz, duintasunez eta beren eskubideen berme osoz bizi ahalko diren.
Aurten, sozialki ikusezin bihurtutako errealitate batean jarriko dugu arreta: adineko emakumeen aurkako indarkeria matxista. “EZ AHAZTUAK, EZTA IKUSEZINAK ERE” lelopean, azpimarratu nahi dugu indarkeria matxistak adineko emakumeei ere eragiten diela. Indarkeria bizitzako etapa guztietan dago presente, eta areagotu egin daiteke etapa aurreratuetan eta mendekotasun-egoeretan. Ez da inola ere kontu pribatutzat hartu behar, beste belaunaldi baten kontutzat edo iraupen luzeko harremanetan jasan beharrekotzat.
Emakumeen aurkako indarkeriaren egiturazko izaera genero-desberdintasun sozialetan oinarritzen da, eta indarkeria fisiko, psikologiko, sozial, sexual eta ekonomiko gisa agertzen da. Adineko emakumeen kasuan, indarkeria adinarekin gurutzatzen da, eta horrek zaildu egin ditzake detekzioa eta esku-hartzea. Mendekotasun ekonomikoa, kolektibo gisa ikusezin bihurtzea, laguntza-sarerik eza, indarkeriaren normalizazioa, isiltasuna, isolamendua, indarkeria estetikoa, zaintza gainkarga, arrakala digitala edo erasotzailearekin luzaroan bizitzea oztopo izan daitezke indarkeria aitortzeko eta baliabideak eskuratzeko.
Adineko emakumeentzat, bikote-harremana indarkeria areagotu ohi den espazioetako bat da. Indarkeriazko harremanak bizi izan dituzte denbora luzez, baita hamarkadetan ere, eta horrek eragina du haien osasun emozional eta fisikoan. Indarkeriaren normalizazioak eta ohitzeak etsipena eragiten du emakume askorengan, eta zailtasunak areagotzen ditu irteera-prozesua hasteko. Zailtasun horiek sozialak eta egiturazkoak ere badira: areagotu egiten dira adineko emakumeek jasaten duten ikusezintasunaren eta infantilizazioaren ondorioz, eta eragina dute erabakiak hartzeko autonomian.
Ez da ahaztu behar emakume horiek direla, gehienbat eta historikoki, zaintza-lanak egiten dituztenak, kasu askotan haien erasotzaileak zaintzen dituzte, edota, haien burua indarkeria egoeran jarriz.
Genero Indarkeriaren aurkako Gobernu Ordezkaritzak egindako “65 urtetik gorako emakumeak, genero-indarkeriaren biktimak” azterlanaren arabera, 65 urtetik gorako emakumeen % 5ek indarkeria fisikoa jasan du bizitzan zehar bikotekideren baten eskutik, % 2,9k indarkeria sexuala jasan du eta % 8,8k indarkeria ekonomikoa. Emakumeen % 40k 40 urte baino gehiagoz jasan zuen indarkeria, eta % 27k 20 eta 30 urte artean. Datu horiek bi errealitate azaleratzen dituzte: alde batetik, adineko emakumeen aurkako indarkeria dagoela, eta, bestetik, indarkeria hori aitortzeko zailtasunak daudela, baita inguratzen duen isiltasuna eta ikusezintasuna ere.
Horregatik guztiagatik, Nafarroako tokiko eta lurraldeko erakundeetatik konpromiso hauek hartzen ditugu:
- Adineko emakumeen aurkako indarkeria matxista ikusaraztea, politika publikoetatik aitortuz, aurre-hartuz eta artatuz beharreko errealitate espezifiko gisa.
- Indarkeriaren eta adinari zein matxismoari lotutako estereotipoen normalizazioaren aurka borrokatzea, adineko emakumeen esperientziak ikusezin bihurtzen baitituzte beren bizitzari buruzko erabakiak hartzeko gaitasuna zalantzan jartzen baitute.
- Detekzioa eta prebentzioa hobetzea, gizarte-zerbitzuetako, osasuneko, poliziako, justiziako, berdintasuneko eta adineko emakumeei arreta emateko beste espazio batzuetako profesionalen prestakuntza eta sentsibilizazioa indartuz.
- Bermatzea arreta eta babeserako baliabide eta zerbitzuetarako sarbidea, lurralde-aniztasuna kontuan hartuta eta autonomia, mendekotasun, desgaitasun, gizarte-isolamendu edo eten digitalaren egoera desberdinetara egokituta.
- Sare komunitarioak eta laguntza-sareak indartzea, familiak, elkarteak, adinekoen zentroak, profesionalak eta herritarrak inplikatuz indarkeria matxisten detekzioan, sentsibilizazioan eta prebentzioan.
- Adineko emakumeei entzutea eta ahotsa ematea, haien esperientziak, beharrak eta proposamenak politika publikoen diseinuan txertatuz, intersekzionalitatea kontuan hartuta eta soilik biktima gisa kokatzen dituzten erantzun paternalistak saihestuz.
- Politika publiko feministak, integralak eta koordinatuak bultzatzen jarraitzea, emakume guztiei, beren bizitzako etapa guztietan, indarkeria matxistarik gabe bizitzeko eskubidea bermatzeko.
Azaroaren 25ean, herritar guztiak gonbidatzen ditugu adineko emakumeek gizarteari egiten dioten ekarpena aitortzera, indarkeria matxistak salatzeko guneak sustatzera eta, bereziki, adineko emakumeek jasaten dituzten indarkeria espezifikoak ikusaraztera. Konpromiso kolektiboaren bidez bakarrik lortu ahal izango dugu emakumeen aurkako indarkeria mota bakar bat ere lekurik ez duen gizarte bat.



