2023 ·

Martxoak 8

Anitzak gara, orain askeak

Martxoaren 8an, Emakumeen Nazioarteko Egunean, emakume guztion aniztasuna eta ikusgaitasuna  aldarrikatu nahi ditugu. Emakumeen askatasuna etengabe baldintzatzen dute edertasun eredu  femeninoetan oinarritutako genero estereotipoek, gorputzen eta emakumeen aniztasunarekin bat ez  datozen arau estetiko batzuk ezartzen baitituzte, askotan irrealak eta utopikoak direnak.

Emakumeenganako presio estetikoa sistema patriarkalaren eta kapitalismoaren arteko aliantzaren  adibide da. Alde batetik, emakumeei beti gorputz perfektua lortzeko zain egoteko eskatzen zaie, beren  buruekin etengabeko asegabetasuna sortuz. Bestalde, helburu horiek lortzeko milioika produktu  kontsumitzea sustatzen da eta horrek negozio handi bat sortzen du emakumeen gorputzen inguruan.

Argaltasunean, perfekzioan eta betiko gaztetasunean oinarritutako gorputz femenino zehatz bat  definitzen duten eredu horiek edertasun eredu hegemonikoa betetzen ez duten emakumeak ikusezin  bihurtzen dituzte: adineko emakumeak, arrazalizatuak, lodiak, argalegiak, desgaitasuna dutenak,  depilatzen ez direnak, burusoilak…

Sare sozialek, publizitateak eta entretenimenduaren industriak mota horretako mezuak zabaltzen  dituzte behin eta berriz. Feminitate eredu normatiboa betetzen duten emakumeak bakarrik  ikusarazten dira, eta horrekin batera haiek bezalakoak izatea lortzeko milaka produktu sustatzen dira.

Gorputzarekin lotutako genero-estereotipoek bazterkeria indartzen dute hainbat esparru sozialetan  eta harremanak oztopatzen dituzte, autokontzeptua, osasuna eta autoestima kaltetuz, hau da,  emakume eta neska askoren bizitzak kaltetuz. Emakumeak eskuraezina den gorputz baten idealen  menpe jartzeko modu bat da, emakumeen bizitza ideal hori lortzeko borroka etengabe bat izan dadin,  beren gorputzen, denboraren joanaren eta noberaren aurkako etengabeko borroka bat. Arrakasta  sozialak, sexu-afektiboak, lanekoak etab. lotura estua du edertasun kanonak betetzearekin. Presio  estetiko hori, halaber, osasun mental eta fisikoko arazo garrantzitsuekin lotuta dago, hala nola  elikadura-jokabidearen nahasmenduekin, eta horiek gazteei eragiten diete bereziki. Lodifobia bezalako  jokaerek ondorio sozial eta osasun-ondorio oso nabarmenak dituzte gorputzen aniztasuna kontuan  hartu gabe haien gorputzak ez direla osasungarriak esaten zaien emakumeengan.

Horregatik martxoaren 8an emakumeen aurkako indarkeria estetikoan eta haren ondorioetan jarri  nahi dugu fokua. Inposatzen den edertasun eredu hegemonikoa eskuraezina da eta gorputz eta  emakume gehienei balioa kentzen die. Edertasun eredu bakar hori eraldatzearen garrantzia  azpimarratu nahi dugu, beste edertasun mota batzuk, askotariko gorputzak, errealitate ezberdinak eta  emakume ezberdinak daudela erakusteko. Emakumeen askatasuna beren eskubideetan baitago eta ez  haien irudian.

Horregatik guztiagatik, martxoaren 8an, toki-erakundeek, HONAKO KONPROMISO HAUEK HARTZEN  DITUGU:

  • Tokiko esparruan emakumeen osasun fisikoa eta emozionala eta harreman-osasuna sustatzen  duten politika publikoak bultzatzea.
  • Genero-estereotipoen inguruan sentsibilizatzea eta edertasun eredu hegemonikoarekiko  gogoeta kritikoak sortzea.
  • Emakumeen dibertsitatea ikusaraztea eta balioestea.
  • Aitortzea mugimendu feministak arlo honetan egindako ekarpenak eta lana.

 

kanpaina honekin lotutako ekimenak

Ez da emaitzarik aurkitu.