Bortzirietako eta Malerrekako Mankomuniteek eta Baztango Udalak aitortza jaso dute Emakumeen aurkako Indarkeriaren kontrako Tokiko Jardunbide Egokien Lehiaketaren X. edizioan (2025-2026), FEMPk eta Genero Indarkeriaren aurkako Gobernu Ordezkaritzak antolatutako deialdian, “Babesgune terapeutiko egonkorra: indarkeria matxistaren biktima eta biziraule diren emakumeendako laguntza psikoedukatiboa eta musikoterapeutikoa” proiektuari esker.
Baztan, Bortziriak, Malerreka eta Bertizaranako hainbat zerbitzuk sustatutako proiektu hau landa eremuko indarkeria matxistaren biktima eta biziraule diren emakumeen erreparaziorako eskubidea bermatzeko sortu zen. Horretarako, arreta kolektibo bikoitza eskaintzen du (bi profesional adituen bidez: gizarte-hezitzailea eta musikoterapeuta), modu koordinatuan eta espezializatuan. Horrela, landa eremuaren berezko errealitateari erantzun nahi dio: sakabanaketa geografikoari, garraio publikoaren gabeziari, Iruñean zentralizatutako baliabide espezializatuei eta horrek dakartzan sarbide-zailtasunei, kontziliazio arazoei eta herri txikietan indarkeria matxista pairatzen duten emakume aunitzek pairatzen duten isolamenduari.
Babesgune terapeutiko egonkorrak taldeko esku-hartze psikoedukatibo eta terapeutikoan oinarritutako baliabide hurbila eskaintzen du, hezkuntza-saio espezializatuak eta musikoterapia uztartuz. Ekimena eskualdeko 3 herritan garatzen da, irisgarritasuna errazteko eta parte hartzeko oztopoak ezabatzeko. Horrez gain, emakumeek baliabidera benetako sarbidea izan dezaten ezinbertzeko neurriak eskaintzen dira: haurren zaintza zerbitzua eta tokiko erakundeen artean koordinatutako eskaeraren araberako garraio sistema.
Herriz herri sakabanatutako lurralde batean, eta garraio publikorik gabe, saio bakoitzak koordinazio tekniko eta logistiko handia eskatzen du gizarte zerbitzuen, berdintasun zerbitzuen, profesional espezializatuen eta osasun zerbitzuen artean.
Denbora honetan zehar, autoestimua, autozaintza, emozioen kudeaketa, amatasuna, botere-harremanak eta suspertze pertsonala bezalako gaiak landu dira. Erabilitako metodologiak ikuspegi feminista, giza eskubideen ikuspegia eta ikuspegi intersekzionala uztartzen ditu, esku-hartze komunitarioarekin eta musikoterapia aktibo zein hartzaileko teknikekin batera, talde bakoitzaren behar eta bizipenetara egokituz.
Lortutako emaitza nagusien artean daude isolamenduaren murrizketa, ongizate emozionalaren hobekuntza, elkarri laguntzeko sareen indartzea eta erakundeekiko konfiantzaren handitzea. Proiektuaren eragin esanguratsuenetako bat ASKE Elkartearen sorrera izan da. Indarkeria matxistatik biziraun duten emakumeek osatutako elkarte honek laguntza, sentsibilizazio, prestakuntza eta gizarte zein arlo teknikoko eragite-ekintzak garatzen ditu.
Proiektua sustatu duten erakundeek azpimarratu dute aitortza honek tokiko eta landa eremutik egindako lan koordinatuaren balioa berresten duela, eta, aldi berean, hiri handietatik kanpo bizi diren emakumeen errealitateetara egokitutako baliabide espezializatuak, irisgarriak eta kalitatezkoak bermatzeko beharra ikusarazteko aukera ematen duela.

