Bortzirietako Mankomunitateak eskualdeko errealitatea aztertu du azken hilabeteotan, indarkeria matxistaren aitzinean erantzun koordinatuagoa eta eraginkorragoa emateko helburuarekin.
Indarkeria matxistari aurre egiteko bidean urrats garrantzitsua ematen ari gara Bortzirietan. Emakumeen aurkako indarkeria kasuen aitzinean erakundeen arteko jarduera koordinatzeko protokoloa prestatzen ari garela jakinarazi nahi dizuegu.
Zeregin honi ekiteko, ezinbertzekoa izan da gure eskualdeko errealitatea sakonki ezagutzea. Horregatik, Emagin elkartearekin batera, “Indarkeria matxistaren eragina eta tokiko arreta Bortzirietan” izeneko diagnostikoa osatu dugu. Azterketa honetan, indarkeria prozesuetan biziraun duten emakumeek jasotzen duten arretaz eta eragile desberdinen egitekoaz arduratu gara, etorkizuneko protokoloaren oinarri sendoa izateko.
Aurkezpen saioa Beralandetan
Diagnostiko honen emaitzak eta protokoloaren nondik norakoak herritarrei eta tokiko eragileei aditzera emateko, aurkezpen saio ireki bat antolatu dugu. Hezkuntza komunitateko kideak, osasun langileak, kultur eta kirol eragileak, eta herritar guziak gonbidatuak zaudete:
-
Eguna: Apirilak 29, asteazkena.
-
Ordua: 18:00etan.
-
Lekua: Bera, Beralandeta.
-
Hizlariak: Emagin elkarteko kideak.
-
Hizkuntza: Euskara.
Itzulpen zerbitzua: Gaztelaniazko itzulpena eskatzeko aukera egonen da. Horretarako, deitu 722 69 30 78 telefonora apirilaren 27a baino lehen.
Denon inplikazioa beharrezkoa da
Indarkeria matxista gure jendartea egituratzen duten genero desberdinkerien adierazpen gordinena da. Hori dela eta, funtsezkoa dela deritzogu gizarte osoaren eta tokiko eragileen inplikazioa. Eskualdeko errealitatea gertutik ezagutzea bide horretan lehen pausoa dela oroitarazi nahi dizuegu.
Indarkeriarik gabeko eskualde bat eraikitzeko bidean denon ekarpena beharrezkoa baita, saioan ikusiko garelakoan gaude.
Anima zaitezte eta parte hartu!




