Bortziriak, Malerreka-Bertizarana eta Baztango tokiko erakundeak bat egiten dute “Landa-eremuko emakumeak erabakiguneetan” kanpainarekin, urriaren 15aren harira, eta jarduera egitaraua aurkezten dute

URRIAK 15
2026/10/15
Baztan, Malerreka-Bertizarana, Bortziriak, Ultzamaldea

Aurtengo leloa «Landa eremuko emakumeak erabakiguneetan» da, eta landa-eremuko emakumeen lana eta ekarpena aitortu eta ikusgarri egiteaz gain, erabaki- eta ordezkaritza-guneetan emakumeen presentzia handiagoa aldarrikatzen du.

Urriaren 15eko adierazpen instituzionalak azpimarratzen du emakumeek ezinbertzeko ekarpena egiten diotela landa-eremuko komunitate-bizitzari, enpleguari, elkartegintzari eta erabakiak hartzeari. Era berean, parte-hartzea eta lidergoa sustatuko dituzten eta emakumeek oraindik aurre egin behar dieten oztopoak ezabatuko dituzten politika publikoak garatzeko beharra nabarmentzen du.

Tokiko entitaeek aldarrikapen bera partekatzen dute: benetako berdintasunaren alde egitea, landa-eremuko emakumeen lana aitortzea eta haien presentzia sustatzea bizitza publiko, sozial, ekonomiko eta politikoan, baita zaintzen ardura partekatua bultzatzea ere.

Jardueraz betetako egitaraua

Landa Eremuko Emakumeen Nazioarteko Egunaren inguruan, Malerreka-Bertizarana, Baztan eta Bortziriak eskualdeetan hainbat jarduera antolatu dira, emakumeen parte-hartzea, zaintzak eta etxeko zein zaintzako lanen aitortza eta eskubideak ardatz hartuta.

Emakumeen parte-hartze sozial eta politikoa

NABIk bultzatutako EmakumeON eta Emakume Politikoen Foroa programen barruan, topaketa-, gogoeta- eta ekintza feministako guneak sortzeko hainbat proposamen eginen dira.

2026-2027ko «Zaintzen duten komunitateak» programaren barruan, bi saio antolatu dira:

  • Urriak 5, 17:00etan – Larraintzarko Kultur Etxea: «Zaintzak ikuspegi feministatik» hitzaldia.
  • Azaroak 9, 17:00etan – Online: «Bizitza sostengatzen duten praktika feminista inspiratzaileak» saioa.
Etxeko eta zaintzako langileen lan-eskubideak

Gaztelan erakundearen eskutik, «Etxeko langileen lan-eskubideak» izeneko hiru hitzaldi informatiboko zikloa eginen da. Herritarrei, etxeko eta zaintzako langileei, enplegatzaileei eta zerbitzu publikoetako langile tekniko eta profesionalei zuzendutako saioetan, besteak beste, lanaldia, atsedenaldiak, oporrak, nominak, kotizazioa, langabezia-prestazioa eta erretiroa landuko dira, baita erabilgarriak izan daitezkeen tresna eta baliabideak ere.

  • Urriak 1, 17:00etan – Arizkunenea, Baztan.
  • Urriak 7, 17:00etan – Beralandeta, Bortziriak. Saioa herritar guztiei irekita egonen da.
  • Urriak 29, 12:00etan – Malerrekako Mankomunitatea. Saio hau profesionalendako, enplegurako eta laneratzeko enpresentzako eta gai honetan interesa duten tokiko elkarteetako pertsonendako izanen da.
Kultura eta gogoeta feministatik

Programaren barruan, urriaren 3an, 19:00etan, Arantzan, Anduriña Zurutuzaren eta Beatriz Egizabalen «JO!» proposamen eszenikoa izanen da. Helduendako clown ikuskizuna da, ikuspegi feministatik eta umorea erabiliz, amatasunaren, familia osatzearen eta gizarte-itxaropenen inguruan emakumeek bizi dituzten tentsio, presio eta kezkei heltzen diena.

Bestalde, urriaren 15ean, 19:00etan, Elizondon, Asisko Urmenetaren «Sorgina banaiz» dokumentala proiektatuko da. Nafarroako sorgin-ehizatik abiatuta, emakumeen aurkako jazarpenari buruzko gogoeta historiko eta kolektiboa proposatzen du, eta emakumeek jakintzak, sareak eta komunitateko zaintzak sostengatzeko izan duten zereginarekin lotzen du.

Etxeko lanen eta zaintzen balioa aitortuz

Urriaren 16an, Galbaraialden, Doneztebe, «Etxeko lanaren eta zaintzen balio sozial eta ekonomikoaren ikusgarritzea» izeneko hitzaldia eginen da, herritar guztiei zuzenduta.

Saioaren helburua etxeko eta zaintzako lanek bizitzaren iraunkortasunerako duten funtsezko ekarpena aitortzea eta lan horien duintasunaren eta gizarte-aitorpenaren alde aitzin egiten jarraitzea da.

Landa-eremuko emakumeak erdigunean

Bortzirietako Mankomunitateak herritar guziak, programatutako jardueretan parte hartzera eta ekimenarekin bat egitera gonbidatzen ditu.

Urriaren 15eko aldarrikapenak aukera ematen du landa-eremuko emakumeek egiten duten ekarpena ikusarazteko, zaintzen balioa aitortzeko eta erabakiak hartzeko guneetan emakumeen presentzia handiagoa sustatzeko konpromisoa berresteko.

Bertze  ekitaldi batzuk: